Sílvia Pérez Cruz, Gari eta Esanezinek osatuko dute aurtengo haziberriren kartela

Datorren uztailaren 15ean ospatuko da Haziberri festibalaren seigarren edizioa Gernikako Europako Herrien parkean.

Haziberri festibalak ilusio handiz iragarri nahi ditu aurtengo seigarren edizioan parte hartuko duten musikariak: Silvia Pérez Cruz kantari kataluniarra; 30 urteko ibilbidea bete duen Gari&Maldanbera eta Esanezin musika proiektu gaztea. Hiru belaunaldi ezberdin, hiru estilo ezberdin baina hari komun bat: emozioak modu zintzo eta pertsonalean transmititzeko gaitasuna. Bakoitzak bere unibertso propioa dauka, baina hirurek partekatzen dute musikarekiko begirada emozionala eta gertua. Beraz, parkean sortzen den atmosfera intimo eta magikoarekin bat egiten duen proposamen artistikoa dakargu.

Sílvia Pérez Cruz gaur egungo musikagintzako ahots artistiko berezi eta errespetatuenetakoa da, bai Estatu mailan bai nazioartean. Palafrugellen jaiotako kantautoreak urte luzez eraiki du bere unibertso propioa; etiketa artistiko guztietatik ihes eginez, flamenkoa, folk mediterraneoa, jazza, musika klasikoa, fadoa edota kantautoreen tradizioa modu guztiz naturalean uztartuz. Silviaren ahotsaren nortasuna ikaragarria da, emozioa transmititzeko gaitasun apartarekin.

Bere ibilbidean sari eta aitortza ugari jaso ditu; besteak beste, Musika Garaikideen Sari Nazionala, bi Goya sari eta Latin Grammy sarietarako hainbat izendapen. Musikatik harago ere, sormenaren mugak etengabe zabaltzen dituen artista da: zinema, poesia eta arte eszenikoekin lotutako proiektuetan parte hartu izan du, beti ere edertasunarekiko konpromisoa ardatz hartuta.

Haziberrirentzat ohorea da Gari&Maldanbera parkera ekartzea, eta urtez urte batzen ari garen musikarien izenen artean egotea Gari. Izan ere, euskal musikaren ezinbestekoen artean dago. Hertzainak taldearen ahotsak, belaunaldi oso baten soinu-banda eraikitzen lagundu ostean, bakarkako ibilbidean bide pertsonalagoa eta intimistagoa landu du 30 urtez. Haziberriko publikoarentzat memoria kolektiboaren eta gertutasunaren arteko zubi moduko bat izango da bere kontzertua; urte askotako ibilbidea duen artista bat, baina oraindik ere sormen betean dagoena.

Kartela osatzeko, Esanezin izango da aurten Haziberriko ahots gaztea. Ianire Aranzabek gidatzen duen euskarazko pop proiektuak intimitatea eta hunkidura ditu ardatz. “Esanezin”, hitzak berak dioen bezala, esan ezin diren horiei kantatzeko sortutako proiektua da. 2021ean abiatu zuen bere ibilbidea, eta ordutik hiru lan argitaratu ditu; azkena, Hormetan Idazten. Lan berrian hormak hartu ditu abiapuntu Ianirek: maitasunaz, zauriez eta bizitzaren efimerotasunaz hitz egiteko espazio gisa. Artistaren hitzetan, “horma batean idatzitakoa efimeroa da, gu garen bezalaxe”, eta ideia horretatik eraiki du diskoaren unibertso poetikoa.

LANKIDETZA SAREA ETA DABID ZELAIA-ZUGADI

Beti azpimarratu izan dugu Haziberri ez dela soilik jaialdi bat, lankidetza sare sendo baten emaitza ere badela. Sare horrek egiten du posible festibala urtez urte: boluntarioak, teknikariak, elkarteak, enpresak eta erakunde ugari elkartzen dira egitasmo honen inguruan, eta haien guztien ekarpenik gabe Haziberri ez litzateke posible izango.

Aurten, bereziki, aipamen eta eskertza berezia egin nahi diogu Baserritik Gernikara elkarteari, eta bertan buru-belarri lanean aritu zen Dabid Zelaiari. Haziberri sortu zenean erabaki argi bat hartu genuen, festibala ahalik eta jasangarriena izatea eta bide horretan mila lagunentzat gure baserritarrekin egindako jan-edan eskaintza landu genuen. Proiektu hori posible izan da, hein batean, Dabiden lanari, konpromisoari eta gertutasunari esker.

Bere memoria gurekin gordeko dugu. Eskerrik asko guztiagatik, Dabid; faltan botako zaitugu.

OINARRIZKO INFORMAZIOA

Aipatu beharra dago, beste urte betez, Erronka Garbia ziurtagiriarekin lan egingo dugula, azken finean jaialdia daukagun espazio naturalera moldatzen delako, eta ez alderantziz eta bide horretan jasangarritasunarekin lotutako hainbat neurri hartzen ditugu.

Kontzertuaren oinarrizko informazioari dagokionez aurten 18:00etan irekiko dira jaialdiaren ateak. Lehenbizi Esanezinek joko du atsedengunean. Ondoren kontzertu guneko ateak ireki eta Gari&Maldaberak eskainiko du zuzenekoa. Azkenik gaua egitearekin batera, Sílvia Pérez Cruz kantautorea izango da protagonista, jaialdiari amaiera borobila emateko.

Sarreren prezioa 38 eurokoa izango da eta eskuragarri egongo dira haziberri.eus atarian maiatzaren 20an, 18:00etatik aurrera. Kontzertuko sarrerarekin, parkean bertan kokatutako Euskal Herria Museoa dohainik bisitatzeko aukera egongo da, 2026eko urtea bukatu arte.