60 urte eta gero, Benito Lertxundik oholtzari agur esan dio, “Gernika kontzertuan” diskoa argitaratuz, Haziberrirekin batera

Benitok sarritan aipatzen digu ikasi eta jakin egin behar dela ezetz esaten. Egiten dizuten proposamen bati ezetza ematean, aukera berri bat sortu daiteke, eszenatoki berri bat, batzuetan hobeagoa.

2022an, urtero Gernikako Europa parkean antolatzen dugun kontzertuan jotzeko proposamenari Benitok ezetza eman zion. Ezezko hark, bila aritu gabe eta kasualitateak tarteko, aukera berri bat ekarri zigun urtebete beranduago: Gernikako Jai Alai frontoian Benitoren kontzertua antolatzeko aukera.

Labur geratu ziren gure aurreikuspenak: aforoa handitu beharra, publikoak modu egokian ikusteko pantailak ipini… Egoera horretan, eta gehiegi pentsatu gabe, kontzertua hasi baino minutu batzuk lehenago, geure buruari esan genion: hau gorde beharra dago, zelan edo halan. Eta horrela, kontzertuaren soinua grabatu zen.

Kontzertua pasa eta hilabete batzuk beranduago, Olatz Zugastiren deia jaso genuen. Kontzertuko grabazioarekin, Benitok zuzeneko diskoa argitaratu nahi zuela esan zigun. Diskoari lotuta, Benitok hartutako erabaki garrantzitsuaren berri ere eman zigun: alegia, publikoaren aurrean jotzeari behin betiko utziko ziola. Erabakia buruan zerabilen azkenaldian, baina Gernikan bertan hartu zuen, kontzertua bukatutakoan.

Horrez gain, Benitok erabakiaren iragarpena eta diskoaren aurkezpena gurekin batera egin nahi zuela jakinarazi zigun.

Guretzat ohorea da Benito Lertxundiren 60 urteko ibilbidearen momentu hunkigarri honetan elkarrekin lan egitea eta bidelagunak izatea.

Eskerrik asko, Benito.

CD bikoitz eta LP hirukoitz euskarrietan eskuragarri ohiko salmenta guneetan, Durangoko Azokan, www.benitolertxundi.com-en baita digital gune guztietan ere.