Gatiburen “Azken Zoramena” jaialdiaren kartel osoa aurkeztu da

AGUR BEREZIA, MUSIKA ETA JAI GIROA EKAINAREN 7AN GERNIKAN

Gatibuk eta Haziberrik aurkeztu dute dagoeneko “Azken Zoramena Gernikan” jaialdiaren kartel osoa. Ekainaren 7an Gatibuk bere sorterrian emango duen azken kontzertu berezia, arratsaldetik aurrera luzatuko den jaialdia izango da; musika, jan-edana eta festa uztartuko dituena. Gatiburen kontzertu nagusiaz gain, hainbat musika talderen eta artisten emanaldiak izango dira, agurrari benetako festa giroa emanez.

GATIBUFONIA” SAN KRISTOBAL PLAZAN

Lehenengo hitzordua arratsaldeko 17:30ean izango da, “Gatibufonia” ikuskizun sinfonikoarekin. Gernikako Segundo Olaeta Musika Bandak, Gatibufonia izeneko lanaren bitartez, Gatiburen abestien moldaketa sinfonikoa eskainiko du San Kristobal auzoko plazan -kontzertugunetik hurbil-. 45 musikarik osatzen dute banda, eta euren soinu sinfonikoa gitarra, baxu elektriko eta abeslariekin uztartuko dute. Artur Sustatxaren gidaritzapean, Gatiburen ibilbidea laburbiltzen duen errepertorio berezi bat prestatu dute.

KONTZERTUGUNEAREN IREKIERA 18:30EAN

San Kristobal aparkalekuan kokatuko den kontzertugunearen ateak arratsaldeko 18:30ean irekiko dira. Gatibuz gain, oholtzatik igaroko dira The Uski’s, Ibarrangelu eta Elantxobeko kideek osatutako rock taldea, surf rocka eta pop-a uztartzen dituen Busturialdeko talde ganberro eta esanguratsuenetakoa. Altxaporru, erromeria talde bizkaitarrak, berriz, jai giroa ziurtatuko du bere zuzeneko dantzagarriarekin. Gauari amaiera emango diote Party&Tiza musika jartzaile bikote zornotzarrak, erritmo bizi eta dantzagarrien bidez gaua borobiltzeko.

Musikaz gain, jan-edan eskaintza berezia ere izango da. Baserritik Gernikara elkarteak arduratuko da janari-eskaintzaz jaialdiaren egunean. Tokiko ekoizleen produktuekin egindako burritoak jan ahal izango dira; gure baserrietako produktuak eta Mexikoko gastronomiaren zaporeak uztartuko dituzte.

GATIBUREN AGURRA ETXEAN MILAKA LAGUNEN AURREAN

Gatiburen kontzertuak Gernikan jendetsuak eta hunkigarriak izan dira beti. Aurreikuspenak gaindituz, berriki lekuz aldatu behar izan da “Azken Zoramena”, Astrako aparkalekua txiki geratu delarik. San Kristobal aparkalekuak 10.000 lagunentzako tokia dauka.

Gatibu taldeak etxean eskainiko duen azken kontzertuan errepertorio berezia landuko du, bere sustraietara, bere ibilbidearen hasierako diskoetara joz.

Sarrerak salgai daude oraindik Gernikako Turismo bulegoan eta webgunean.