Ia hamar urte pasatu dira Benito Lertxundik Gernikan azkenekoz kontzertua eskaini zuenetik. Hamarkada oso bat igaro da ordutik, eta horrek esan nahi du, Orioko bardoak beste hamarkada bat gehitu diola bere musika ibilbide oparo eta luzeari; guztira ia hirurogei urte oholtza gainean, hain zuzen. Orain, 81 urterekin, Lertxundi euskal musikagintzaren eta euskal kulturaren izen handienetakoa dugu. Egindako ibilbidea eta ekarpen neurrigabea omentzeko modua ere bada guretzat azaroaren 11ko kontzertua.