Haziberri Festibala bere bosgarren ediziora helduko da aurten; uztailaren 9an izango da Gernikako Europako Herrien parkean. 2021ean sortu zenetik, urtero-urtero, gure egiteko moduei eutsiz, festibala ontzeko lanean aritu gara eta aurtengo kartela ere horren adierazle dela uste dugu. Kartelburu nagusia Rozalén kantautorea ezaguna izango da. Olaia Inziarte musikari gaztearen eta Gaizka Insunza genikarraren emanaldiekin batera, beste behin arratsalde-gau ahaztezina sortzeko osagaiak jarri ditugu mahai gainean.
Aurten, lehen aldiz, Euskal Herritik kanpoko musikari bat izango da Haziberrin: Rozalén. Albaceteko Letur herriko kantautorea musika-erreferente bilakatu da Estatu mailan, bere musika konprometitu eta hunkigarriarekin. Rozalenen ibilbidea publikoaren txaloz eta kritikaren aitortzaz josirik dago: hiru Urrezko Disko, hiru Platinozko Disko, Goya sari bat, 2021eko Musika Garaikideetako Sari Nazionala, hiru Latin Grammy izendapen eta Gaztela-Mantxako Meritu Profesionalaren Plaka, besteak beste. Zuzenekoetan milaka jarraitzaile batzen dituen musikaria da egun.

Gainera, aktibista sozial garrantzitsua da: sortzen duen musikaren bidez gutxiengoen eta baztertuta dauden komunitateen eskubideak defendatzen ditu. Azkenaldian euskarari ere keinu egin dio, aniztasunarekiko sentsibilitate argia erakutsiz. Bere presentziak, ahotsak, sentsibilitateak, Gernikako Europako Herrien parkeak duen berezko magia areagotu egingo du uztailaren 9an.
Olaia Inziarte nafarra, berriz, euskal musikarien belaunaldi berriko ahots indartsuenetariko bat da. Bere proiektuak freskotasuna eta nortasuna ekarriko ditu oholtzara. “Zerrautsa” bigarren diskoa argitaratuta, Olaia Inziarte etorkizun handiko bidea urratzen ari da. Bere estiloak pop-a, folk-a eta elektronika ukituak uztartzen ditu, eta emozioz beteriko zuzeneko emanaldiak eskaintzen ditu, entzulearekin lotura berezia sortuz.
Audience taldeko abeslari eta sortzaile gisa ezagutzen dugu arren, Gaizka Insunza gernikarra bakarka ere badabil bere sormen pertsonalari bidea emanez. “Iaz” izeneko bigarren lanarekin dator uztailaren 9an. Insunzak jazz eta soul ukituak dituen diska kaleratu du, oraingoan, euskarari keinu egiten diona. Izan ere, orain arte ingelesez abesten entzun dugu Gaizka.

