Haziberri 2024ko karteletik lehenbizi, Gorka Urbizu aipatu nahi dugu. Gorka Urbizu musikari eta abeslariak bere izenez sinatzen duen lehen diskoa dakarkigu: Hasiera bat. 

Lekunberriko artista aski ezaguna dugu jada bere ibilbide oparoagatik. Bere ahots eta gitarra akordeak erabat entzunak dira Euskal Herri osoan, izan ere, hainbat musika talderen parte eta sortzaile izan da; besteak beste, Berri Txarrak, Peiremans+ eta Katamalo. 

Urte guzti hauetan ikasitakoaz baliatuz, azken urteetan mimo handiz prestatzen ibili den bakarkako diskoa aurkeztu du orain hilabete gutxi. Arinkeriaren garaiotan, astiroago, presarik barik ibiltzeko aldarrikapena luzatu digu Gorka Urbizuk berriki argitaratutako disko honetan. 

Haziberrik lantzen duen kontzeptuak guztiz bat egiten du Gorka Urbizuren proposamenarekin. Hori dela eta, argi geneukan Haziberriren aurtengo edizioaren parte izatea nahi genuela eta horrela luzatu genion proposamena. Gorkaren Hasiera bat-ek eta Gernika-Lumoko parke bat-ek bat egingo dute uztailaren 17an.

Gure bigarren eskaintza egungo Euskal panoraman indar handia duen izen bat da; Olatz Salvador. Olatz Salvador artistak hainbat urte daramatza musika eszenan murgilduta. Skakeitan taldean hasi eta gerora, bere bakarkako pare bat lan oholtzaratu ditu: Zintzilik, lehendabizi eta Aho uhal, ondoren.
Olatz Salvadorren abestiek egia bat gordetzen dute, bere ahotsarena, eusten dion musikari esker indartu egiten dena. Udako iluntze bero eta goxoarekin elkarlanean aritzeko bikote ezin hobea osatzen dute bere ahots eta akordeek.

ETA ATSEDEN GUNEAN GEHIAGO

Haziberrira gonbidatu ditugun gainerako artistek atseden gunean egingo dute zuzenekoa. Aurreko edizioan eman genuen ezagutaraztera espazio eszeniko txiki hau eta proposamen honekin aurrera jarraitu dugu aurten ere. 

Festibala zabaltzeko ardura izango duen artista Asier Zugadi bakarlari gernikarra izango da bere Zuga proiektuarekin. Hainbat taldetan ibili ondoren bere bakarkako ibilbidea martxan jarri du, eta abesti sinple bezain sakonak lantzen ditu bertan. Eskaintza honekin Haziberrik bere ekarpen txikia egin nahi die herrian sortutako talde eta proiektuei. Aupa herriko artistak!

Broken Brothers Brass Band da festibaleko musika eskaintza osatuko duen azken taldea. New Orleans-eko doinuak sortzen dituen talde iruindarrak Euskal Herriko hainbat karrika, areto eta jaialditan jo izan du. Metalezko musika-tresnez osatutako taldea afaltzeko tartea girotzeaz arduratuko da.

ELKARBANATU