Janaria aipatu berri dugu, eta aurten ere atseden gunean afaltzeko orduari tartea eskainiko diogu. Beste urteetako bezala 1000 lagunentzako bertako produktu eta edariz osatutako eskaintza osatuko dugu. Guretzat garrantzitsua da inguruko baserritarrei izen eta abizenak jartzea eta euren produktuekin proposamen duin eta erakargarria egitea. Bide horretan Urremendi Landa Garapen elkarteak eta Baserritik Gernikara ekimenak emandako laguntza eskertu behar dugu. Aurreko urteetako ekoizle berdinekin jarraitzen dugu lanean; Boga Garagardoa, Bizio-ko gazteen sagardoa, Hasiberriak Wines, Biba ardoak kooperatiba… eta Baserritik Gernikara elkartean dauden baserritarrak.

Lehenengo ediziotik, kulturaren balio eraldatzailea azpimarratu izan dugu, Haziberrin sortzen dugun kultur eskaintzaz gain, egiteko moduei ere arreta berezia jartzen diegu eta beti esan dugu gu geu moldatu behar garela gure ingurunera eta ez alderantziz. Horren adibide da, batetik Erronka Garbia ziurtagiriarekin lan egitea gure karbono aztarna ahalik eta gehien murrizteko; eta nola ez Haziberrin ikur bihurtu diren artilezko sakuak. Azken honekin, zaborretara zihoazen tona bat artile berreskuratu eta berrerabilitako yutezko eserlekuak egin ditugu.

ELKARBANATU