Jada hirugarren urtea da eta hala ere, lehenengo urteko ilusio eta urduritasunarekin jarraitzen dugu, Gernikako Europako Herrien parkean, ahalik eta iluntze/gau politena sortu eta konpartitzeko ahaleginean. Aurtengo edizioan zuzeneko ordu gehiago, eskaintza askotarikoagoa eta gure ustez aberatsagoa osatu dugu. Izan ere, kontzertu guneko eskenatokiaz aparte, atsedegunean, Euskal Herria Museoko atzeko lorategian, zuzeneko musikaz gozatzeko espazioa sortuko dugu.

Haziberri 2023ko karteletik lehenbizi, KANTU BAT GARA aipatu nahi dugu. Jon Maia bertsolari, kantari eta idazleak sortutako egitasmoa. Jonek 200 kantu inguru idatzi ditu 1991tik hainbat artistarentzat, horietako batzuk Ken Zazpi, Gari, Anari, Benito Lertxundi edota Negu Gorriak bezain adierazgarriak.
Arrakasta handiz Euskal Herri osoan KANTU BAT GARA aurkezten ibili eta gero, lehenengo disko-liburuan oinarritutako azken kontzertua, azken aukera ikusteko gonbidatu bereziekin.

Gure bigarren eskaintza Euskal rock-ean eragin handienetakoa izan duen taldea da; Zea Mays. 26 urteko musika-ibilbidea, eta guztira hamaika disko plazaratzea, taldeak egindako ibilbide oparoaren testigu dira. Oraingoan akustikoan egongo dira gurean, Pitiren gitarrak eta Aioraren ahotsak bat eginez.

Haziberrira gonbidatu ditugun gainerako artistek atseden gunean egingo dute zuzenekoa. EIRE, Mogumbo Brass Band eta TPR dj-a bertan aritzeko.

ELKARBANATU