HAZIBERRI MUSIKA+JASANGARRITASUNA 

15 egun barru, uztailaren 15ean, leku honek ekitaldi berezia hartuko du. Seguruenik Europako Herrialdeen parkearen 30 urteko historian era honetako lehenengoa izango da; erronka berezia antolatzaileontzat zalantzarik gabe.

Europako Herrialdeen Parkea edo Europa Parkea espazio lasaia eta naturala izan da beti Gernika-Lumon, eta Haziberri festibalak izaera horri eutsi nahi dio. Ingurunea errespetatu eta zainduko duen kultur proposamena izango da Haziberri. Horregatik, musika ikuskizunak antolatzeko modu jasangarri eta berritzaileen bila ibili gara. 

ARTILEZKO JESARLEKUAK 

Era honetako kultur ekitaldietan sortzen den aztarna gutxitu nahian hainbat neurri eta ideia garatu ditugu. Horietako bat artilezko jesarlekuak egitea izan da. 

Euskal Herrian milioi bat ardi dago. Ardi batek bataz beste 2,5 kilo artile sortzen ditu urtero. Guztira 2500 tona inguru. Sasoi honetan, uda iristeagaz batera, ardiei ilea moztu eta artile ia guztia hondakin gisa tratatu ohi da, zatirik handiena zakarretara doa. Sarritan, baserritarrentzat eta erakundeentzat arazoa izaten da moztutako artilea kudeatzea. Egoera horretaz jabetuta artilea berrerabiltzea pentsatu genuen. Izan ere, artileak hezetasunetik isolatzeko gaitasuna dauka, eta ikus-entzuleak gauez lurrean lasai jesartzeko aukera ematen digu.

Pentsatu eta egin, tona erdi artile eskuratu eta 500 jesarleku egin ditugu, artilea berrerabilitako zakuetan sartuz.

Guk ez dugu artilearen arazoa konponduko baina Haziberri festibalak, kultura egiteko modu jasangarriagoak jarri nahi ditu mahai gainean. Baliabide gutxiago erabiliz, gure aztarna ekologikoa gutxituz eta ingurunea zainduz, ekonomia zirkularragoa egiteko pausuak emanez. 

Guzti hau posible egin duten pertsona eta erakundeak eskertu beharrean gaude. Eskertu nahi ditugu artilezko 500 eserleku horiek egiten ibili diren lagunak; Iker, Lexuri, Xabi, Joseba, Jon, Garazi, eta bereziki Pili eta Bego Urrutxua jostun erretiratuak. Baita Biltegi enpresako Asier eta Jon Etxebarrieta. Eskerrik asko Ander eta Joseba ardien eta artilearen kudeaketan laguntzeagatik. Aipatu nahi ditugu babesa eta laguntza eman diguten erakundeak; Gernika-Lumoko Udala, Urremendi Landa garapenerako elkartea eta beriziki Bizkaiko Foru Aldundia, Haziberri festibala parkean egiten utzi eta ekitaldia babesteagatik hasiera-hasieratik.

GATIBU ETA MAREN KONTZERTU AKUSTIKOA UZTAILAREN 15ean

Aurtengoa ere COVID-ak markaturiko urtea da, eta pandemiak hobera egin duela ematen duen arren, Haziberrirentzat bertaratuko diren pertsonen osasuna eta zaintza lehentasunezko lan arloak izango dira, administrazioak momentuan ezarritako osasun eta segurtasun neurriak betez.  

Aipamen berezia COVID garai honetan ikuskizunen arloan lan egiten duten lagunentzat. Euren lana erdigunean jarri eta lanerako baldintza egokiak sortuko ditugu. 

Maren eta Gatibu taldeak formato akusikoan izango ditugu. Gure nahia ikuskizun berezia antolatzea da. Parkeak berak espazio fisiko moduan eta festibalak nola bat egiten duten ikusi nahi dugu. Kontzertuak bat egin behar du espazioarekin eta ez alderantziz. Horregatik parkearen formak eta baliabideak, zuhaitza, maldak, bideak festibaleko eszenatoki bihurtu nahi ditugu. Zeregin horretarako argi diseinu berezia landu dugu. Gure helburuetako bat,  gau horretan parkea espazio magikoa izatea da, kalitatezko ikuskizun bat antolatzea. 

Kontzertua iluntzeko 21:00etan hasiko da baina ateen irekiera 19:30ean izango da. Sarrerak eskuragarri egongo dira sortu berri dugun haziberri.eus atarian ostiral honetako arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Egun horretan euria eginez gero, uztailaren 16ra atzeratuko dugu kontzertua. 

Haziberri Zero Waste festibala izateko lanean gabiltz, ikuskizunaren aztarna gutxitu eta ahalik eta jasangarriena izateko hainbat arlo landu ditugu: paperezko komunikazio euskarririk ez da egongo. Markel Urrutia gernikarrak egin du kartelaren diseinua eta eskuz margoztu ditu oihalez egindako zenbait kartel. 

Kontzertuan zehar, tarte mugatuekin, edarientzako bi barra egongo dira kontzertuaren gunetik bereizita. Barrak zura berrerabiliz egin ditugu. Beste alde batetik, inguruko hornitzaile txikien aldeko apustua egin dugu. Boga artisau garagardo kooperatibarekin Martzela garagardoz hornitzeko lan egin dugu; garagardoa berezi hau Maruri-Jataben hazitako gariaz egiten da. Hasiberriak Wines, Urdaibaiko upategi txikiena ere presente egongo da. Plastikozko edalontzien aurrean, beirari egingo diogu tokia festibalean. Esan bezala, Haziberri Zero Waste festibala izatea nahi dugu. 

Aurten hazi berri bat erein dugu, hemen, gauden tokian. Datozen urteetarako hazi hori hazten ikusi gura dugu, landare, zuhaitz bihurtzen eta Parkearen beste eremu batzuetara ere eraman musika eta sorkuntza.

ELKARBANATU