Hamar urte eta gero, Benito Lertxundi berriz izango da Gernikan azaroaren 11n
Ia hamar urte pasatu dira Benito Lertxundik Gernikan azkenekoz kontzertua eskaini zuenetik. Hamarkada oso bat igaro da ordutik, eta horrek esan nahi du, Orioko bardoak beste hamarkada bat gehitu diola bere musika ibilbide oparo eta luzeari; guztira ia hirurogei urte oholtza gainean, hain zuzen. Orain, 81 urterekin, Lertxundi euskal musikagintzaren eta euskal kulturaren izen handienetakoa dugu. Egindako ibilbidea eta ekarpen neurrigabea omentzeko modua ere bada guretzat azaroaren 11ko kontzertua.
Oroitua izateko kontzertua
Haziberri Gernikako Europa Parkearekin lotzen dugu, orain arte bertan egin ditugulako kontzertuak. 2022an Benitori parkean jotzeko proposamena luzatu genion, momentu hartan ez zen posible izan. Orain, aukera berria sorturik, birritan pentsatu barik, oroitua izatea nahi genukeen kontzertua antolatzeari ekin diogu. Gure helburua beste batzuetan egin izan dugun moduan, ahalik eta baldintza egokienak sortzea da, bai musikarientzat bai publikoarentzat, jendeak betirako gordeko duen emanaldia gauzatu ahal izateko.
Jai-Alai frontoia, 1400 lagunentzako lekua.
Tamainako erronkak neurriko espazioa behar du; eta, gure ustez, Gernika Jai-Alai frontoia berebiziko espazioa da Benito Letxundiren emanaldia hartzeko. Espazio historikoa, elegantea eta eserita 1400 ikus-entzulek kontzertua disfrutatzeko gaitasuna duena.
Benito Iñaki Landak marraztua
Emanaldia iragartzeko kartelari garrantzia berezia eman diogu, argi geneukalako Benitoren erretratu edo irudi batek osatu behar zuela kartela. Zeregin horretarako Iñaki Landa ilustratzaile eta diseinatzailearekin harremanetan jarri ginen. Benito marrazteaz gain, testuingurua eman dio erretratuari, Gernikarekin edo-ta bere sinbologiarekin zerikusia duten zenbait elementuak txertatuz diseinuan.
Kontzertuaren inguruko informazio zehatza
Noiz: 2023ko azaoraren 11n, 19:30ean. Ateak 18:30ean irekiko dira.
Lekua: Gernikako Jai-Alai frontoia
Sarreren salmenta: haziberri.eus web orriaren bitartez eta Gernikako turismoa bulegoan eskuratu ahal izango dira sarrerak ostiral honetako (urriak 6) 12:00etatik aurrera. Prezioa: 27 eurokoa + gastuak izango da. Egunean bertan ere, azaroaren 11n, sarrerak eskuragarri egongo dira lehiatilan.
Eskerrak eman gura dizkiegu kontzertu hau posible egin duten babesle eta laguntzailei: Bizkaiko Foru Aldundia, BBK, Gernika-Lumoko Udala eta Gernika-Lumoko Kultur-Etxea. Eskerrak eman baita ere, Gernikako Jai-Alai eskolari eta Eraman enpresari euren prestutasunagatik.
Haziberri, 2023ko urriaren 5ean